tsar
iz. Errusiako behinolako enperadoreei, eta serbiar eta bulgariar erregeei ematen zitzaien izena. Antzinako Erromako caesar izendapen inperialetik eratorri zen “tsar” izena. 1547. urtean Ivan IV.a Izugarriak tsar izendapena hartu zuen; teorian erabateko aginpidea zuen, baina praktikan, bera eta bere ondorengoak eliza ortodoxoaren, boiardo biltzarraren eta 1497, 1550, eta 1649ko lege araudien mende zeuden. 1721. urtean Petri I.ak izendapena aldatu eta imperator titulua hartu zuen, erromatar jeneralen antzera, errusiarren aginpidetza arrakasta osoarekin zabaltzeko izan zituen ekimenak islatzeko. Herriak, hala ere, tsar hitza erabiltzen jarraitu zuen, 1917. urteko errusiar iraultzak enperadoretza suntsitu zuen arte. Bestalde, K.a. X-XIV. mendeetan bulgariar enperadoreei tsar deitu zitzaien, baita XX. mendeko Bulgariako erregeei ere.