Trotski, Leon
(Jaiotza izenaz Lev Davidovitx Bronstein) Errusiako politikaria, 1917ko iraultzako buruzagietako bat (Ianovka, Ukraina, 1879 - Coyoacan, Mexiko, 1940). Burgesiako familia judu batean sortu zen eta zuzenbidea ikasten ari zela higikunde iraultzaileetan esku hartu zuen. 1898an atxilotu zuten, eta 1900ean Siberiara erbesteratu. Bertan marxismora hurbildu zen. 1902an ihes egin zuen eta, Leninek deiturik, Londresen finkatu zen urte berean. Iskra (Txinparta) errusiar iraultzaileen aldizkarian idatzi zuen. 1903an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrataren II. Kongresuan ez zituen Leninen eta boltxebikeen tesiak (alderdi barneko zentralizazioaren aldekoak) onartu, mentxebikeekin guztiz bat egin ez bazuen ere. 1905ean Errusiara itzuli zen eta San Petersburgoko sobieteko buru izan zen; Iszvestia aldizkarian bere etengabeko iraultzaren teoria lehen aldiz azaldu zuen. 1905eko abenduan atxilotu zuten eta 1906an, betiko erbesteratzera kondenatua izan ondoren, berriro ihes egin zuen eta Austrian hartu zuen bizilekua. Han Pravda aldizkaria sortu zuen (1908); bere idazkietan boltxebikeen eta mentxebikeen ikuspegiak bateratzen saiatu zen. Lehen Mundu Gerra lehertzean gerraren aurka azaldu zen, boltxebikeen jarreretara hurbilduz eta gerraren aldekoak ziren Martov-en eta Plekhanov-en aurka. Frantziatik eta Espainiatik egotzia izan ondoren, New York-en babestu zen eta Bukharin-ek sortua zuen Novii Mir (Mundu Berria) aldizkarian parte hartu zuen. Errusian otsaileko iraultza abiaturik, hara joan zen eta boltxebikeekin bat egin zuen. Alderdiko Batzorde Zentraleko eta Buro Politikoko kide hautatu zuten. San Petersburgoko sobieteko lehendakari eta batzorde militar iraultzaileko buru zela, parte hartze erabakiorra izan zuen matxinadaren prestakuntzan. Iraultzak garaipena lorturik, Kanpo Arazoetarako komisario izan zen Leninen lehen gobernuan. Brest-Litovsk-eko bake itunean parte hartu ondoren, Gerrarako komisario izendatu zuten; Gudaroste Gorriaren antolakuntzaren arduradun nagusia izan zen (1918-1920). Lana militarizatzearen alde azaldu zen Leninen aurrean baina arrakastarik gabe. NEP politika ez zuen onartu, eta gerra-komunismoaren jarraipena eta erabateko industrializazioa aldarrikatu zituen. Lenin hilik (1924), Stalinekiko aurkakotasun erabatekoa agerian jarri zen, haren “sozialismoa herri bakarrean” garatzearen aldeko politika salatzen baitzuen. Halaber, alderdiaren burokratizazio geroz eta handiagoa kritikatu zuen. Stalinek, ordea, alderdiaren gehiengoa zuen bere alde; 1925etik 1927ra Trostki postu eta kargu guztiez gabetu zuten, harik eta, alderditik egotzirik, Alma Ata-ra (Kazakhstan) erbesteratu (1928) eta Sobietar Batasunetik kanporatu zuten arte (1929). Gero Konstantinoplan, Frantzian, Norvegian eta Mexikon bizi izan zen. Stalinen politikaren aurka eginez betiere, 1938an bere jarraitzaileekin batera IV. Internazionala sortu zuen. 1941ean Ramón Mercaderrek, Stalinen agente espainiar batek hil zuen. Trotskiren obra batzuk: Terrorismoa eta komunismoa (1920), Literatura eta iraultza (1923), Lenin (1924), Nire bizitza (1929), Etengabeko iraultza (1930), Errusiako Iraultzaren historia (1932).