trobadore
iz. Erdi Aroko olerkaria, Proventzako oc hizkuntzan idazten zuena, gorteetan aritzen zena. v Trobadoreek eragin handia izan zuten Erdi Aroko olerkigintzan. Estimatuak ziren gorteetan eta hitz egiteko askatasun handia izaten zuten, baita noizean behin politika auzietan parte hartzeko ere. Baina haien lorpenik handiena, gorteko damen artean sortu zuten kultura eta denbora-pasa zaletasuna izan zen. Trobadoreen olerkigintzak garrantzi handiko eskola sortu zuen, eta eragina izan zuen geroko europar olerkigintza lirikoan. Trobadoreen lanak chansonniers (kantu liburuak) izenekoetan gordetzen dira. Gehien erabili zituzten bertso motak cansó, balada, pastorela, débat eta alba izan ziren, maitasunezko kantu labur hunkigarriak, gehienak. Batzuetan, kantuetako doinuak trobadoreek egiten zituzten, baina gehienetan egile anonimoak izaten ziren, eta zenbaitetan, musika latinezko doinu sakratuetan, eta frantses eta alemaniar kantuetan oinarritzen zen. Trobadore nagusiak izan ziren Gilen IX.a Akitaniako dukea, Jaufré Rudel, Marcabru, Cercamon, Bernard Marti, Bernard de Ventadour, Raimbaut d’Aurenja, Die-ko kondesa, Arnaud Daniel, Peire Vidal eta Sordel, besteak beste.