trofiko
izond. Biol. Ehun bizi baten elikadurarekin zerikusia duenaz esaten da. v Maila trofikoa. Biol. Ekosistema batean elikadura katearen urratsetako bakoitza. Katearen organismoak mailetan banatuta daude, elikatzeko jarrera kontuan hartuta. Lehenengo mailak eta behekoenak ekoizleak hartzen ditu, landareak. Landareak edo landareen gaiak bigarren mailako organismoek jaten dituzte, belarjaleek edo landarejaleek. Hirugarren mailan behe mailako haragijaleak daude, belarjaleak jaten dituztenak. Laugarren mailan bigarren mailako haragijaleak daude, hots, lehen mailako haragijaleak jaten dituztenak. Maila horiek ez daude zehatz mehatz mugatuak, organismo asko maila trofiko batean baino gehiagotan elikatzen baitira (adibidez, haragijale batzuek landare gaiak ere jaten dituzte eta orojale izena ematen zaie, eta belarjale batzuek noizbehinka animalien gaiak jaten dituzte). Beste maila trofikoa bada, deskonposatzaile edo aldatzaileena. Bakterioak eta onddoak dira, adibidez, maila honetakoak, eta organismo hilak eta hondakinak elikagai bihurtzen dituzte sortu dituzten organismoentzat.