Troell, Jan
Suediako zinemagilea (Limhamm, 1931). 1960 inguruan hasi zen zineman argazkilari, muntaketari eta film laburren egile gisa. 1966an egin zuen bere lehen filma, Har dar du ditt liv (Bizitzaren sua). Haren bigarren filmak, Ole dole doff (1967), ikasleek esetsitako irakasle baten historia kontatzen du; arrakasta handia izan zuen eta Berlingo zinemaldiko sari nagusia jaso zuen. Utvandrarna (1971, Etorkinak) eta Nybyggarna (1972, Lurralde berria), gai bera lantzen zuten bi filmek arrakasta handia izan zuten nazioartean eta Estatu Batuetan Zandy’s Bride (1974) filma egiteko aukera eman zioten. Suediara itzulirik, Bang (1977) egin zuen. Beste film bat egin zuen Estatu Batuetan, Hurricane (1979, Haize erauntsia), John Ford-en filmaren berregokitzapena. Azken filmak: Ingenjor Andrées luftfard (1982), Sagolandet (1985), Il capitano (1991).