Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tripoli

(Lat. Tripolis; Arab. Tarabulus ash-Sham) Libanoko ipar-mendebaleko hiria eta portua, Abu Ali ibaiaren bokalean, Mediterraneo Itsasoaren ertzean, Beirut-eko hiriaren ipar-ekialdean. 500.000 biztanle. Apezpikutegia. Libanoko bigarren hiria da eta lehen mailako merkataritza portua. Nekazaritza produktuen merkataritza (mahatsa, olibondoak, fruitu arbolak, azukre kanabera, tabakoa) eta industria (tabakogintza, ehungintza, janari industria, petrolio findegiak, altzairugintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Monumentuei dagokienez aipagarriak dira 1336. urteko Teynal mezkita, 1294. urteko Mezkita Handia, katedral eta gaztelu zaharraren hondakinak eta XV. mende bukaerako Lehoien Dorrea. v Historia. K.a. IV. mendean oso hiri garrantzitsua izan zen feniziarren artean, eta musulmanen mende egon zenean ere oso oparoa izan zen. XII-XIII. mendeetan izen bereko konderriko hiriburua izan zen eta mendebalerako merkataritzarako portu garrantzitsua. 1289. urtean mamelukoek suntsitu zuten eta barnealderago berreraiki zuten gero. XVI. mendean otomandarrek konkistatu zuten.