Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tripoli

(Arab. Tarabulus al-Gharb) Libiako eta izen bereko probintziako (3.000 km2 eta 1.083.100 biztanle) hiriburua eta portua, errepublikaren ipar-mendebalean, Mediterraneo Itsasoaren ertzean. 980.000 biztanle. Unibertsitatea. Apezpikutegia. Nazioarteko aireportua. Libiako kostaldeko oasi handiena da, eta nekazaritza produktuen (barazkiak, laboreak, fruitu arbolak, tabakoa) merkataritzagune garrantzitsuena (portua, errepidea, burdinbidea, aireportua). Arrantzak eta industriak ere (tabakogintza, petrolio findegiak, janari industria) garrantzi handia du hiriko ekonomian. Monumentuei dagokienez aipagarriak dira K.a. 163. urteko Marko Aurelioren marmolezko atea, XVI. mendeko gaztelua, 1736. urteko Karamanli mezkita, 1883ko Gurgi mezkita eta Erregearen jauregi modernoa. v Historia. Oea izena zuen antzina, eta feniziar kolonia izan zen. Kartagotarren eta erromatarren mendean egon ondoren bandaloek konkistatu zuten. Bizantziarrak nagusitu ziren gero, eta hiria gotortu zuten. 643. urtean musulmanek inbaditu zuten. Hafsitar dinastiaren garaian hiri oparoa izan zen eta 1510-1530 urteetan espainiarren mende egon zen. 1530-1551 urteetan Maltako Zaldunek konkistatu zuten eta 1551. urtean turkiarrek. Harrezkero baja batek gobernatutako berberiar erresuma bateko hiriburu eta piraten babesleku bihurtu zen. 1911. urtean italiarrek okupatu zuten, eta hiriko ekonomiak gorakada nabarmena izan zuen itsas bazterrean eraikitako portu berriari esker. 1941-1943 urteetako Libiako kanpainaren garaian Ardatzaren base izan zen, eta 1943-1951 urteetan britainiarren mende egon zen. 1992. urtean, Libiak Pan Am eta UTA konpainiako hegazkinen kontrako atentatua egin zutenei laguntza eman zielako aitzakipean, Estatu Batuetako hegazkinek bonbardatu zuten hiria eta, besteak beste, Mu’ammar al Gaddafi lehendakariaren seme bat hil zuten.