Tripolitania
(Arab. Tarabulus) Afrikako iparraldeko antzinako lurraldea, 1963. urtea arte Libiako Erresumako probintzia izan zena. Libiako ipar-mendebalean dago, iparraldean Mediterraneo Itsasoa du; ekialdean, Zirenaika; hegoaldean, Fezzan basamortua; mendebalean, Aljeria eta Tunisia. Hiri nagusiak: Tripoli, Leptis, Magna, El Sider. Yabli izeneko haize lehor eta oso beroa dabil eskualde osoan. Biztanleak: arabiarrak (kostaldean) eta berberiarrak (barrualdean). Ekonomia: petrolio ustiakuntzak; kostaldean, nekazaritza (laboreak, mahastiak, tabakoa, barazkiak, datilak), barrualdean, abere hazkuntza (ardiak, ahuntzak, gameluak). v Historia. Kartagotarrek beretu zuten eta merkataritzan ari izan ziren. Gero erromatarren esku egon zen. K.o. 643an arabiarrek mendean hartu zuten. XVI. mendetik 1711ra Otomandarren inperioarena izan zen. 1711tik 1835ra Karamanli dinastiak izan zuen aginpidea, eta piraten ekintzak bultzatu zituen. XX. mendean italiarrek beretu zuten Tripolitania.