trilobite
iz. Zool. Artropodoen phylum-eko izen bereko azpi-phylum-eko itsas ornagabeez esaten da. Aurkitu diren fosilen arabera (4.000 inguru motarenak) kanbriko aroaren hasieran agertu ziren; duela 570 milioi urte inguru egon ziren zabalduenak; ondorengo aroetan urrituz joan ziren eta orain 225 milioi urte desagertu ziren. Gorputzaren gaineko aldea kitinazko oskol batez estalia zuten, eta gorputza bera hiru zatiz eratua: burua, bularraldea eta pijidioa. Burutik isatsaldera bi sakongune zituzten, gorputza hiru ataletan bezala banatzen zituztenak. Burua zirkulu erdi baten egiturakoa zuten. Mota antzinakoenek begiak buruaren gaineko aldean zituzten, geroagokoek aurrerago. Trilobiteak sailkatzeko bularraldeko segmentuak, begien egokiera eta buruaren egitura izaten dira batez ere kontuan. Trilobiteen fosilak kararrietan aurkitu izan dira gehienbat.