Trillo, Federico
Espainiar politikaria (Cartagena, Murtzia, 1952). Tradizio militarreko familia batean jaio zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Salamancako Unibertsitatean. Gudarosteko Legelari Taldeko kide izan zen, eta Mediterraneoko Itsasaldeko Fiskal taldeko kide gero. 1983an, Alianza Popularreko kide zelarik, lege aholkularitzako buruzagitza onartu zuen. 1989an Partido Popularreko diputatu hautatu zuten Alacanteko probintziaren ordezkari gisa. 1990eko martxoaren bukaeran, Partido Popularraren X. Biltzarrean, idazkariorde laguntzaile izendatu zuten. Lege arazoez arduratu zen alderdiaren barruan, eta alderdiaren bozeramaile izan zen Legebiltzarrean zenbait lege eztabaidatzeko orduan (Hiri Segurtasunerako Legea; Corcuera Legea; Kode Penalerako lege proiektua). 1993ko hauteskunde orokorretan Alacanteko Partido Popularreko hautagaien buru izan zen. Konstituzioari eta legeei buruzko zenbait liburu eta monografia idatzi ditu.