Trimble, David
Irlandar politikaria (1944). XVI. eta XVII. mendeetan Irlandan kokatu ziren britainiar etorkinen ondorengoa, gizatalde horren defendatzaile sutsua eta Britainia Handiarekin bat eginda irautearen aldekoa, irlandar katoliko nazionalisten aurrean. Ulsterreko Alderdi Unionistako kidea da, eta alderdiko lehendakaria 1995. urteaz geroztik. Ulsterreko arazo politikoa britainiar etorkinak –eskoziarrak eta ingelesak batez ere– iritsi zirenean hasi zen, XVII. mendean. Arazoa larriagotuz joan zen XX. mendean, bigarren hamarraldiaz geroztik batez ere, Irlanda bitan banatu zenetik: alde bat independentea eta beste bat, Ulster, britainiarren mendean geratu zena. Harrezkero, irlandar katoliko nazionalisten eskabideek aurrez aurre egiten dute britainiar unionistenekin. Azken hauen artean zenbait talde sortu ziren, erabat katolikoen eskabideen aurka daudenak, batzuk, eta normalizazioa bilatzen saiatzen direnak, besteak. Ulsterren, Trimble Goi Ganberako kide hautatu zuten 1990eko hauteskundeetan, eta bere alderdiko buruzagi nagusia da 1995az geroztik. Ulsterreko unionisten interesen defendatzaile sutsua izan da, Britainia Handiarekiko lotura bere horretan mantentzearen aldekoa, katoliko nazionalisten nahien aurka. Ipar Irlandako bake prozesua abiatu zenez geroztik, bertako partaideetako bat izan da. Bake prozesua Dublin eta Londresko gobernuen ekimenez hasi zen, bortxakeriarekin inola ere amaitu ezinez nekaturik. Trimbleren arazo nagusia katolikoak asetzeko moduko autonomia politikoa eta Britainia Handiarekiko lotura, bi eskabideak uztartu nahi eta ezina da. 1998ko urriaren 16an Bakearen Nobel saria jaso zuen, buruzagi nazionalista katoliko John Humerekin batera, Ipar Irlandako gatazkari irtenbide baketsua emateko egindako lanaregantik.