Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trieste

(Antzina Tergeste; serbo-kroazieraz eta eslovenieraz Trst; al. Triest). Italiako iparraldeko hiria eta portua, Friuli-Venezia Julia-ko eskualdeko eta izen bereko probintziako (212 km2 eta 263.908 biztanle) hiriburua, Triesteko golkoaren ertzean (Itsaso Adriatikoa). 233.047 biztanle. Unibertsitatea. Merkataritza (iharduera handiko portua da; 26.304.000 tona 1983. urtean) eta industria (ontziolak, petrolio findegiak, kimika industria, altzairugintza, metalurgia, janari industria, papergintza, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Garai askotako monumentuak kontserbatu ditu. Aipagarriak dira erromatarren garaiko anfiteatro eta atearen hondakinak, XI-XIV. mendeetako San Giusto katedrala, 1343. urteko kanpandorrea, XV-XVI. mendeetako gaztelua eta XVIII-XIX. mendeetako etxe eta jauregi barroko eta neoklasiko ugariak. v Historia. Erromatarren kolonia izan zen K.a. 177. urtetik aurrera. K.a. 33. urtean Augusto enperadoreak portua eraikitzeko agindua eman zuen. Erromako Inperioa deuseztatu zenean Istriako eskualdean geratu zen, baina 1202. urtean veneziarrek konkistatu zuten. 1382. urtean Leopoldo III.a Habsburgokoaren mende geratu zen, eta Germaniako Erromatar Inperio Santuaren barnean gero. 1719. urtean merkataritza askerako portu egin zuten, eta Inperioak Mediterraneorako zuen irteera nagusi bilakatu zen (156.000 biztanle zituen ordurako). XX. mendearen hasieran italiarrak ziren biztanleen bi heren, eta esloviarrak eta kroaziarrak gainerakoak. 1918. urtean Italiak inbaditu ondoren hasi zen portuko merkataritza jardueraren gainbehera. 1943. urtean alemaniarrek okupatu zuten eta, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, lurraldea banatzeko hitzarmena sinatu zuten Jugoslavia ohiak eta Italiak.