Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trier

edo Treveris. (Fr. Trèves) Alemaniako hego-mendebaleko hiria, Renania-Palatinatuan, Moselle ibaiaren ertzean, Hunsrück mendiaren oinetan, Luxenburgoko eta Frantziako mugetatik hurbil. 93.076 biztanle. Unibertsitatea. Merkataritza (ardoak) eta industria (ehungintza, nekazaritzarako makineria, larrugintza, tabakogintza, garagardogintza, janari industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. Alemaniako hiri zaharrenetakoa da, eta garai askotako monumentuak gorde ditu. Aipagarriak dira, besteak beste, K.a. IV. mendeko Porta Nigra atea, mende bereko termak eta anfiteatroa, Merkatu plaza, IV-XIII. mendeetako katedrala (Bigarren Mundu Gerran kaltetua), XII. mendeko San Matias eliza, XVI. mendeko San Gandolfo eliza eta XVIII. mendeko San Paulo eliza. v Historia. K.a. 15. urtean sortu zuen hiria Augustok, Augusta Treverorum izenaz. Lehen mailako komunikabide bihurtu zen laster (Mainz eta Koloniako galtzadak eta merkataritzarako ibai portua). III. mendean gotortu zuten ustezko inbasioez babesteko eta, mugatik hurbil izaki, Galiako Inperioko hiriburua izan zen (258-273). Erromako Inperioko lau hiriburuetako bat eta artzapezpikuaren egoitza izan zen, eta han bizi izan ziren Maximiano Constantzio Cloro, Constantino, Valentiniano I.a eta Graziano, besteak beste. 413. urtean frankoek suntsitu zuten eta 511. urtean Austrasiaren barne zegoen. Hiriko oparotasuna gainbehera joan zen X-XI. mendea arte baina Balduino Luxenburgokoak (1307-1354) estatu sendo bihurtu zuen hiria. Loraldi honen emaitza izan zen, besteak beste, Treveriseko unibertsitatea (1473-1797). 1794. urtean frantsesek inbaditu zuten eta Sarreko departamenduko hiriburua izan zen (1798). 1814. urtean Prusiaren barne geratu zen, eta 1918-1930 urteetan Frantziaren mende. Bertakoa zen Karl Marx, eta haren sortetxea museo bihurtu da.