Tours
Frantziako erdialdeko prefetura hiria, Indre-et-Loireko departamenduko hiriburua (Centre), Loire ibaiaren ertzean. 145.441 biztanle. Unibertsitatea. Nekazaritza produktuen merkataritza eta industria (tresneria elektrikoa eta mekanikoa, burdinbide gaiak, automobilgintzarako gaiak, kimika industria, zeramikagintza, ehungintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Saint-Gatian katedral gotiko-Errenazimentukoa, XI-XIII. mendeko Saint Julien eliza, eta Arkeologia eta Arte Ederretako museoak. v Historia. Caesarodinum hiri zaharrari dagokio; turonen hiriburua izan zen. IV. mendean Galiako erlijiogune garrantzitsuenetako bat zen, eta V. mendetik aurrera Civitas Turonum izena hartu zuen. VIII. mendetik Erdi Aroa arte hiri oparoa izan zen. XVI. mendean kalbindarrak nagusitu ziren hirian, eta garrantzi handia izan zuen Erreforman.