Toussaint, François Dominique
(Toussaint-Louverture deitua). Haitiko iraultzailea (Haiti, 1743 - Joux-eko gotorlekua, Pontarlier-etik hurbil, 1803). Esklaboa zen, eta 1791. urtean bat egin zuen Bukman buru zuen matxinadarekin. Beltzen askatasunerako higikundeko buruzagietako bat bihurtu zen Bukman hil zutenean eta 1793. urteko frantsesen eta espainiarren arteko gerra hasi zenean, espainiarren mendeko lurraldera pasa zen lehenengoei aurre egiteko. 1794. urtean, esklabotasuna bertan behera geratu zenean, frantsesen aldera itzuli zen eta urtebete geroago gerra amaitu zenean, Haitiko gudarosteko komandante nagusi izendatu zuten (1797). Oztopo guztiak gainditu (frantsesen atentatuak, espainiarren matxinadak) eta uharte ia burujabe gisa antolatu zuen Haiti (gobernari nagusi izendatu zuen bere burua). Ekonomia mailan hobekuntza nabariak lortu bazituen ere, ez zen horrelakorik gertatu gizarte eta ekoizpen alorretan, lan erdi behartuetara bultzatu baitzituen haitiarrak, eta hala, bortizki zapaldu zituen matxinadak gertatu ziren. 1802. urtean Napoleonek Leclerc bidali zuen Haitira Toussaint mendera zezan, eta erresistentzia labur baten ondoren atxilotu eta Frantzian espetxeratu zuten. Urte bereko maiatzean Napoleonek berriro ezarri zuen esklabotasuna eta denbora laburraren buruan beste matxinada bat gertatu zen eta uharteak burujabetasuna eskuratu zuen (1802-1803). Toussain ordurako gaixo zegoen, eta medikuen laguntzarik jaso gabe hil zen denbora laburraren buruan.
- Tourneur, Jacques
- Tourneur, Maurice
- Tournier, Charles Gabriel
- Tournier, Michel
- Tours
- Toussaint, François Dominique
- Tovar, Antonio
- Townes, Charles Hard
- toxa
- toxemia
- toxidermia