Tourneur, Jacques
Estatu Batuetako zinemagilea, jatorriz frantsesa (Paris, 1904 - Bergerac, 1977). Maurice Tourneur zinemagilearen semea zen. 1919an Estatu Batuetara joan eta han hartu zuen bizilekua. Aitaren laguntzaile izan zen hasieran, gero Frantziara joan eta han egin zituen lehen filmak. Estatu Batuetara itzulirik, MGM produkzio etxean ari izan zen laguntzaile gisa eta film laburrak egiten. RKO produkzio etxean hasi zen lanean eta han egin zituen bere hiru filmik bikainenak, fantasiazko eta beldurrezko maisu lanak: Cat People (1942), I Walked With a Zombie (1943, Zombie batekin ibili nintzen) eta The Leopard Man (1943, Leopardo-gizona). Beste generoak ere landu zituen; thriller-ak, Experiment Perilous (1944), Berlin Express (1948), polizia filmak, Out of the Past (1947), abenturazkoak, The Flame and the Arrow (1950, Sugarra eta gezia), Anne of the Indies (1951, Anne indietakoa), western-ak, Canyon Passage (1946), Wichita (1955).