Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tournai

(Neerlanderaz, Doornik). Belgikako hegoaldeko hiria, Hainaut-eko probintzian, Frantziako mugatik hurbil (Lilletik 26 km-ra), Escaut ibaiaren ertzean. 67.210 biztanle. Apezpikutegia. Industria (eraikuntzarako gaiak, ehungintza, metalurgia, tresneria elektrikoa eta mekanikoa) da ekonomia jarduera nagusia. Monumentu ugari gorde ditu hiriak. Aipagarriak dira XII-XIV. mendeetako kanpandorrea, Escaut ibaiaren gaineko XIV. mendeko zubia, XIV. mendearen hasierako Apezpikuaren plaza, XII-XIII. mendeetako katedral gotikoa, Saint-Jacques eliza (XI-XIII. m.), Sainte-Marie-Madeleine eliza gotikoa (XIII-XIV. m.), XVII. mendean berritutako Saint-Piat eliza erromanikoa, XII. mendeko Saint-Brice eliza (XX. mendean berritua) eta Arkeologiako eta Arte Ederretako museoa. v Historia. Turnacum izena zuen erromatarren garaian, eta hiri garrantzitsua zen jada. III. mendean Piat santuak kristautu zuen hiria eta frankoen mende egon zen IX. mendean normandiarrek konkistatu zuten arte. XII-XV. mendeen artean Frantziaren barne egon zen. 1513. urtean Ingalaterrako Henrike VIII.ak inbaditu zuen eta ingelesen esku egon zen bost urtez. 1521. urtean Karlos V.ak konkistatu zuen. 1667. urtean Luis XIV.a Frantziako erregeak hiria gotor zezan agindu zion Vauban arkitektoari, eta errege haren agintaldian osatu zen, neurri handi batean, hiriko arkitektura. Austriarren eta frantsesen mende egon zen 1814. urtean Belgikako hiri bihurtu zen arte.