Townes, Charles Hard
Estatu Batuetako fisikaria (Greenville, 1915). 1964. urtean Fisikako Nobel saria eskuratu zuen Sobietar Batasuneko Nikolai Gennadievitx Basov eta Aleksandr Mikhailovitx Projorov fisikariekin batera, bai quantum-en elektronikari buruz egindako ikerketengatik eta baita ikerketa horien bidez maserra asmatzeagatik ere. 1939. urtean Bell Telephone Laboratories konpainian hasi zen lanean teknikari gisa, eta bertan aritu zen harik eta 1948. urtean Columbiako unibertsitateko Fisika saileko irakasle izendatu zuten arte. 1953. urtean unibertsitate hartan zela, eta ikerkuntza handien ondorioz maserra asmatu zuen. 1959 eta 1961 urteen artean Washington hiriko Institute for Defense Analyses erakundeko zuzendari ordea eta ikerketa zuzendaria izan zen. 1961. urtean Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuko fisika irakasle hautatu zuten. 1967. urtean Kaliforniako Berkeley unibertsitatera joan zen, eta han, espazioan, izarrartean, molekula konplexuen azterketarako ikerkuntza baten zuzendaritza hartu zuen. Nobel sariaz gainera beste sari ugari jaso ditu, hala nola NASA erakundearen Distinguished Public Service Medal (1969) eta Neils Bohr International Gold Medal (1979).