Toulouse-Lautrec, Henri Marie de
Frantses pintorea, marrazkigilea eta kartelgilea (Albi, 1864 - Malromé, 1901). Inpresionismoko pintore nagusietakoa eta kartelgintza modernoaren aitzindaria izan zen. Aristokraziako familia batean jaio zen baina bere familiaren gizarte harremanetatik aparte bizi izan zen; osasun txarra baitzuen, arazo asko izan zituen haurtzaroan (besteak beste, bi hankak hautsi zituen eta ibiltzeko eragozpenak izan zituen horregatik), eta ohean ordu luzeak igaro beharrak pinturarako zuen zaletasuna areagotu zion. Hasieran zaldien eta militarren irudiak egin zituen bere lehen irakasle izan zen Princeteauren eraginez. 1882an Parisko Arte Ederretako eskolan pintura ikasketak egiten hasi zen eta 1885ean estudio bat hartu zuen Montmatren. Parisen Bernard eta Van Gogh ezagutu zituen eta aipatzekoa da Degas-ek eta japoniar margolariek Toulouse-Lautrec-en lanetan izan zuten eragina; dena dela, inpresionismoaren ezaugarri asko hartu zituen, baina ez da inpresionisten taldeko pintoretzat hartua. Toulouse-Lautrec-en lanetako gaiak Montmatren bizi izan zen garaiko bizikizunetatik hartuak dira, behe mailako giro eta pertsonaietan oinarrituak; kabaretak (Moulin Rouge eta Le Mirliton-ekoak, bereziki), music-hallak, dantzariak eta zirkuko gaiak irudikatu zituen, batez ere, moralismoak alde batera utzirik eta errealismo handiz. Adierazpen indarra, kolore biziak, irudi soilak eta erritmoa dira bere lanen ezaugarri nagusiak. Bidaia ugari egin zituen Brusela, Londres, Portugal eta Espainiara, besteak beste; bizitza nahasia izan bazuen ere, lan ugari egin zituen (marrazkiak, kartelak, litografiak) eta XIX. mendearen bukaerako artista nagusietakoa izan zen. Lan nagusiak: Au bal du Moulin de la Galette (1892), Jeanne Avril sortant du Moulin-Rouge (1892), Yvette Guilbert (1894), Au salon (1894), Femme qui tire son bas (1894).
- totonaka
- totora
- Totorika
- Toulon
- Toulouse
- Toulouse-Lautrec, Henri Marie de
- Tour, Georges de la
- Touraine, Alain
- Tourcoing
- Tournai
- Tourneur, Jacques