Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

toccata

iz. Mus. Musika tresnetarako lana, jatorri ezezagunekoa, tekladun musika tresnetarako idatzia batez ere. Gehienetan laburra izaten da, eta askotan preludioaren sinonimo gisa erabili izan da. XVI. mendean idatzi ziren lehen toccatak. Gabrieli, Merulo eta Sweelinck musikagileek idatzi zituzten lehen toccatetan eskalak eta doinu apaindurak tartekatzen zituzten akorde eta fuga antzeko zatiekin. Geroago, Frescobaldi, Froberger eta Kerll musikagileek doinu lagunduaz, errezitatiboaz eta kontrapuntuaz baliatu ziren toccatak idazteko. Bachek estilo haiek guztiak bildu zituen, eta handik aurrera, klaberako toccatak mugimendu bakarreko sonataren modukoak izan ziren, eta organorako toccatak, libreak eta irudimenez beteak batzuk, eta besteak, antolatuak. Era antolatua erabili zuten geroago Clementi, Schumann, Mendelssohn, Ravel, Debussy eta Prokofiev musikagileek pianorako toccatetan, eta Reger, Gigout, Vierne eta Dupré musikagileek organorakoetan.