Tien Shan
Asiako erdialdeko mendialdea. 2.500 km luze da. Bi alde bereizten dira: Mendebaleko Tien Shan eta Ekialdeko Tien Shan. Mendebaleko Tien Shan mendialdea Kazakhstan eta Kirghizistan errepubliketan dago, eta 1.200 km luze da. Mendebalerako norabidea duten 5.000 m-tik gorako mendikateek osatua da eta Fergana, Naryn eta Issyk-Koul haranak zabaltzen dira mendikateen artean. Khan-Tengri (6.995 m) eta Pobiedy edo Garaipenaren gailurra (7.439 m) dira Mendebaleko Tien Shan mendialdeko mendi garaienak; glaziar ugarik estaltzen dituzte. Glaziar horietan dute iturburua Syr-Daria (Naryn) eta Ili ibaiek. Issyk-Koul eta Son-Koul dira mendialdeko aintzira nagusiak (3.015 m-ko garaieran eta 258 km2 guztira). Ekialdeko Tien Shan mendialdea Txinan barneratzen da, eta bi mendikate nagusik osatua da. Bi mendikateok paraleloan luzatzen dira mendebaletik ekialdera, eta 5.000 m-ra iristen dira gailur garaienak.