Tieck, Johann Ludwig
Alemaniar idazlea (Berlin, 1773 - Berlin, 1853). Erlangen-go unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta harreman estuak izan zituen garai haietan Wackenroder kritikari eta saiakera egilearekin. Friedrich eta Wilhelm von Schlegel anaien inguruan sortu zen idazle erromantiko multzoko kide egin zen, eta eleberriak idazteari ekin zion. XVIII. mendearen bukaeran argitaratu zituen Die Geschichte des Herrn William Lovell (1795-1796, William Lovell jaunaren historia) eta Franz Sternbalds Wanderungen (1798, Franz Sternbalds-en erromesaldiak) eleberriak, baina antzerkiak eta kontakizunak biltzen zituen Volksmärchen (1797, Lamien ipuinak) bildumagatik egin zen ezaguna. Leben und Tod der heiligen Genoveva (1800, Santa Genobebaren bizitza eta heriotza) eta Kaiser Octavianus (1804, Octaviano enperadorea) poesia dramatikoak idatzi zituen ondoren. 1825. urtean Dresdeko antzeztokiko aholkulari eta kritikari izendatu zuten, eta han jardun zuen 1842an Berlina joan zen arte. Azken urteetan erromantizismotik kontakizun errealistara lerratu zen.