Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tientsin

Txinako ekialdeko hiria eta portua, Ho-peh probintzian, Hai ibaiaren (bost ibaien bilgunea) ertzean, Itsaso Horitik 45 km-ra, Pekingo hiriaren hego-ekialdean. 5.620.000 biztanle (8.800.000 biztanle ditu hirialdeak). Txinako hirugarren hiria da jende kopuruari dagokionez eta, merkataritza eta industriari dagokienez bigarrena, Xangaiko hiriaren ondoren. Hiri autonomoa da, zuzenean gobernu zentralaren mende dagoena. Bi unibertsitate daude. Apezpikutegi katolikoa. Jarduera handiko portua da, eta handik igarotzen dira Txinako iparralderako esportatzen diren gai ugari. Industria (makineria astuna, kimika industria, plastikogintza, altzairugintza, ontziolak, ehungintza, janari industria, zurgintza, eraikuntzarako gaiak) eta merkataritza (bankuak, finantza eta aseguru etxeak) oso garatuak daude. Komunikabide sare garrantzitsu batek (aireportua, ibaiko garraioa, errepideak, burdinbideak, metropolitanoa) lotzen ditu Tientsin eta Txinako iparraldeko hiri zein eskualde nagusiak. v Historia. 1858. urteko Tientsingo hitzarmenaren ondorioz, frantsesek, ingelesek, amerikarrek eta errusiarrek sarrera izan zuten Tientsingo merkataritza portuan. Hitzarmena bete ez zenez aliatuek hiria okupatu zuten 1860an. Hiri horretan izenpetu zituzten 1885eko itunak ere, eta, horren ondorioz, Txinak Frantziaren administraziopean utzi zituen Annam eta Tonkin hirietako gobernua. 1900-1907 urteetan nazioarteko batzorde batek gobernatu zuen, eta 1941-1946 urteetan japoniarrek.