Tiahuanaco
edo Tiwanaku. Boliviako mendebaleko herrixka, Titikaka aintziratik hurbil, itsas mailatik 3.900 m gora. 696 biztanle. Herritik hurbil dago Hego Amerikako arkeologia aztarnategi nagusietako bat. v Tiahuanaco edo Tiwanaku kultura. K.a. 200-K.o. 1200 bitartean Boliviako Titikaka aintziraren inguruan garatu zen Hego Amerikako zibilizazioa. Tiahuanaco hirian dauden hileta monumentuen hondakinen azterketan oinarritzen dira zibilizazio horri buruzko ikerketak. Titikaka aintziratik 21 kilometrotara daude monumentu aipagarrienak: Acapana piramide mailaduna, Calassaya multzoa eta Eguzkiaren Atea. Tiahuanaco kultura inken inperioa Hego Peru, Bolivia, Ipar Argentina eta Ipar Txileko lurretara zabaldu aurretik garatu zen, eta badirudi egungo aimara herriaren aurrekoen kultura izan zela.