Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tiber

(It. Tevere; Lat. Tiveris). Italiako ibaia, Po ibaiaren ondoren luzeena. 405 km. Toskanako Apenino mendialdeko Fumaiolo mendiaren oinetan du iturburua eta arroila estuak eratzen ditu. Toskana, Unbria eta Lazioko eskualdeak igarotzen ditu. Paglia eta Nera ibaien ura hartu ondoren Erromako hiritik igarotzen da eta kilometro gutxi batzuk aurrerago, adarretan banatzen da. Tirreniar itsasoan isurtzen du ura, baina delta zabala eratzen du itsasoratu aurretik. Tiber ibaiaren ur emaria guztiz irregularra da eta Erromako auzo batzuetan uholdeak gertatzen ziren ibaiaren ibilgua kanalizatu zuten arte. v Historia. Ontziz ibiltzeko egokia sekula izan ez bada ere dokumentuek argi uzten dute, K.a. VIII. mendean Erroma ibaiaren ertzean sortu zenean, eskualdeko merkataritzako garraiabide garrantzitsua zela. Inperioaren garaian ibaiaz baliatzen ziren Ostia Anticako portutik (ibaiaren bokalean) hiriko laboreak, ardoak eta olioak garraiatzeko. Ibaiaren ohean metaturiko sedimentuak, ordea, nabigaziorako oztopo bihurtu ziren Erdi Aroan zehar. XVIII. eta XIX. mendeetan ibaiaren hondoa garbitzeko saioak egin zituzten ontziz ibil ahal izateko baina XX. mendean utzi zituzten lanak.