Thatcher, Margaret Hilda
Ingeles politikaria (Grantham, Lincolnshire, 1925). Kimika eta zuzenbide ikasketak egin ondoren, politikan sartu zen, alderdi kontserbadorean. 1959. urtean diputatu hautatu zuten eta 1961-1964 urteetan Ingalaterrako Pentsio eta Aseguru Nazionaleko ministerioko idazkaria izan zen. 1970-1974 urteetako aginpide kontserbadorearen garaian hezkuntza eta zientzia sailetako estatuko idazkaria izan zen, eta 1975ean alderdi kontserbadoreko idazkari nagusi izendatu zuten. 1979. urteetako hauteskundeak alderdi kontserbadoreak irabazi ondoren, Lehen ministro egin zuten. Lehen agintaldian ekonomia neurri zorrotzak hartu zituen, eta borroka latzak iazn ziren gobernu eta sindikatuen artean neurri horiek zirela eta. 1982. urtean, Malvina uharteen auziaren aurrean, Argentinaren aurkako gerrara dei egin zuen eta, garaipena lortu ondoren, beriro ere irten zen garaile hurrengo urteko hauteskundeetan. Sektore publikoa pribatizatzen jarraitu zuen bigarren agintaldian eta, kanpoko harremanei dagokienez, Erresuma Batua Europako Ekonomia Elkarteko kide izatearen aldeko agertu zen. Estatu Batuek bideraturiko nazioarteko politika bultzatu zuen betiere. 1987. urtean hirugarren aldiz irabazi zituen alderdi kontserbadorearentzat legebiltzarrerako hauteskundeak, baina alde txikia atera zion alderdi laboristari. Hirugarren agintaldi horretan ere oztopo handiak jarri zizkion EEEan erabateko ekonomia batasuna bultzatzeari eta, barne politikari dagokionez, osasun eta hezkuntza sailak pribatizazio bidean jarri zituen. Ekonomia neurri horiek eta zerga berriek (poll-tax) politikariarenganako sinesgarritasun eza ekarri zuten, eta hala adierazi zuten hautesleek 1989. urteko europar legebiltzarreko hauteskundeetan. 1990. urtean, Geoffrey Howe Lehen ministro-ordeak dimisioa eman ondoren, Thatcher-ek berak dimisioa aurkeztu zuen eta John Mayor kontserbadoreak bete zuen hark utzitako lekua. Irlandako auzian, bestalde, ez zen aurrerapausorik izan Thatcher-en agintaldi luzean.