Tharp, Twyla
Estatubatuar dantzaria eta koreografoa (Portland, Indiana, 1942). Dantzan hasi aurretik musika ikasi zuen. Dantzan Anna Pavlova dantzariarekin hasi zen eta dantza mota guztiak landu zituen (klakea, dantza modernoa). Paul Taylor-en konpainian aritu ondoren, lehenengo koreografiak antolatu zituen: Tank Drive (1965) eta Tam (1967) abangoardiako esperimentu gisa aurkeztu ziren. Oso ondo zaintzen ditu musikaren eta dantzaren arteko harremanak, eta bere estilo bizia, jazz, rock eta jerk-arekin nahasia, ospetsu egin zen Push Comes to Shove (1977) edo Sinatra Suite (1983) lanetan. Zineman Hair (1978), Ragtime (1980), Amadeus (1984), Soleil de nuit (1985, Barishnikov-ekin) filmetako dantzak sortu zituen. Barishnikov-ekin American Ballet Theatre-ko zuzendari artistikoa izan zen 1988-1989 bitartean. Parisko operan dantza zuzendaria zela As Time Goes By lana gehitu zuen bertako errepertoriora eta Rules of the Game (1989) sortu zuen. Isabelle Guérin eta Patrick Dupond-entzat Grand Pas, Rythm of the Saints (1991) lana osatu zuen 1991n.