Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Teutoi zaldunak

(Al. Deutsche Ritter). XII. mendean Palestinako Lur Santuan sortu zen erlijio ordena militarra. Jerusalemen gurutzatu germaniarrentzat eraiki zen erietxe baten inguruan egituratu zen lehen taldea eta 1190ean sortu zuen ordena Frederiko Suabiako dukeak Akre hirian, Tenpluko zaldunen eta hospitalarioen ereduei jarraituz. Urte berean onartu zuen ordena Klemente III.a Aita Santuak. 1211. urtean Kronstadt-eko hiria sortu zuten teutoiar zaldunek Trantsilvanian eta ondasun asko eskuratu zituzten berehala Alemanian zehar. 1230. urtean, Konrado Mazoviako dukeak deituta, kristautu gabe zeuden prusiarren aurkako kanpaina bati ekin zioten (1283an amaitu zen prusiarren lurren erabateko konkista, prusiar gehienak hilik). 1237an Porte-Glaiveko ordenako zaldunekin bat egin ondoren, Livoniako lurrez jabetu ziren, baina huts egin zuten ekialdeko herrien aurkako gurutzadan. 1242an, Alexandro Nevski-k guztiz menderatu zituen Txudsk aintzirako hormetan, eta aurrerantzean kristautu gabeko herrien aurka jardun zuten. 1252an Klaipeda-ko hiria sortu zuten Lituanian, eta 1255ean Königsberg-ekoa. XIV. mendean Pomeraniatik (Pomerelia) Kurlandiaraino hedatzen zen lurralde bat hartu zuten, Itsaso Baltikoaren ekialdean, baina aurka jazarri zitzaizkien poloniarrak eta lituaniarrak. 1410. urtean Ladislao II.a Jagellon-ek menderatu zituen Grunwald-Tannenberg-eko guduan: 40.000 gizon galdu zituzten gudu hartan. Hamahiru Urteko Gerraren garaian (1454-1466), Sudavia eta Pomerelia galdu zuten, eta 1466. urtetik aurrera ekialdeko Prusia baizik ez zuten teutoiar zaldunek. 1525ean, Alberto Brandenburgokoa maisu nagusiak ordenako ondasunak laikoen esku uztea erabaki zuen eta hurrengo urteetan erreformaren alde jo zuten zaldun gehienek. Eliza katolikoari leial iraun zutenak Alemanian babestu ziren. 1809an Napoleon I.ak galarazi zuen ordena Alemanian, eta Austrian jardunean jarraitu dute gaur egun arte, elizako kristau zaldun gisa.