Texas
Estatu Batuetako hego-erdialdeko estatua. Mugak: ipar-mendebalean, Mexiko Berria; iparraldean, Oklahoma; ipar-ekialdean, Arkansas; ekialdean, Louisiana; hego-mendebalean, Mexikoko estatua; hego-ekialdean, Mexikoko golkoa. 691.027 km2 eta 1.349.000 biztanle. Hiriburua: Austin. Hiri nagusiak: Abilene, Amarillo, Beaumont, Corpus Christi, Dallas, El Paso, Fort Worth, Galveston, Houston, Lubbock, Odesa, San Antonio, Waco eta Wichita Falls. v Orografia, hidrografia eta klima. Mexikoko golkoaren ondoren ordoki emankor bat zabaltzen da, estatuaren heren bat hartzen duena. Kostaldeko behe-ordokietan itsas aintzirak daude eta barnealderago 200-700 m garaierako ordoki zabalak. Mendebalean eta ipar-mendebalean daude lurraldeko mendi garaienak, Rock Mountains mendialdearen barne daudenak (2.666 m Guadalupe mendian). Ibai askoren urek ureztatzen dituzte Texasko lurrak, Iparraldeko LLano Estacado izan ezik. Rio Grande del Norte edo Rio Bravo ibaiak Mexikoko estatuarekin muga egiten du eta Rojo eta Sabine ibaiek Oklahoma, Arkansas eta Louisianarekin. Aipagarriak dira halaber, mendebaletik ekialdera, Pecos, Colorado, Nueces, Brazos eta Trinity ibaiak. Klima kontinentala eta lehorra da mendebalean, kontinentala erdialdean eta subtropikal hezea hegoaldean eta ekialdean. v Biztanleak. Gaur egun, Texas-ko bost biztanletatik bat hispaniarren ondorengoa da eta Mexikotik hurbil dauden hirietan mexikar arkitektura eta gaztelera dira nagusi. Bertako indiarrak oso gutxienak dira gaur egun; Indiar gehienak hirietan bizi dira, eta gainerakoak Alabama-Coushatta (estatuaren ekialdeko mugan) eta Tiguako erreserbetan (mendebaleko muturrean, El Pasotik hurbil). XIX. mendeko ingelesen kolonizazioa oso sakona izan zen eta Texas Mexikotik bereizi zenerako Estatu Batuetatik joandako 40.000 kolono bizi ziren. Alemaniarrak, poloniarrak, txekiarrak, suediarrak eta irlandarrak joan ziren ondoren, lur emankorrez jabetzeko zeuden erraztasunak zirela eta. Estatu Batuetako kolonoek esklabo beltzak eraman zituzten; gerra zibila amaitu ondoren aske geratu ziren. Demografia oso bizkor hazi da XX. mendearen erdialdetik aurrera. v Ekonomia. Laborantzak (kotoia, garia, garagarra, fruitu arbolak, arroza, barazkiak, artoa, lekadunak) eta abere hazkuntzak (behi eta ardi azienda) garrantzi handia dute, baina petrolio eta gas hobien ustiapena da diru iturri nagusia, industria oparoa ekarri duena: petrolio findegiak, kimika industria, informatika, hegazkingintza, nekazaritzarako makineria, altzairugintza, janari industria, ehungintza, tresneria elektrikoa eta mekanikoa. Ehunka aireportu daude estatuan eta errepide eta burdinbideek estatuko hiri garrantzitsuenak elkarren artean eta alboko estatuekin lotzen dituzte. Itsas portuak ere (Houston, Port Arthur, Corpus Christi, Beaumont) sartu-irten handikoak dira (Houstongoa munduko handienetakoa da). v Historia. Europar kolonoak iritsi aurretik indiar herri txikiak bizi ziren lurraldean. 1528an hasi ziren espainiarren lehen espedizioak. 1685. urtean frantsesek Matagordako badian kokatzeko asmoa zutela hartu zuten aintzat lurraldea Espainia Berriko agintariek. Urte gutxiren buruan misio ugari sortu ziren (1718an eraikitako San Antonioko misioa izan zen garrantzitsuena). 1820. urtean Virginiako Moses Austin-ek baimena eskatu zien espainiar agintariei Texasko lurraldean bizitoki hartzeko. Hurrengo urtean haren anaia Stephen Austin-i eman zioten baimena eta harekin batera hasi zen ingelesa erabiltzen kolonoen sarrera. Mexiko independientearen egonkortasunik eza ez zen Texas-ko kolonoen gustukoa, Antonio López de Santa Ana jenerala aginpidera iritsi zenetik batez ere. 1836. urtean armak hartu eta mexikar jenerala garaitu ondoren, hamar urteko independentzia lortu zuten texastarrek. 1845. urtean Estatu Batuetako 28. estatu bihurtu zen. Estatu Batuetako gerra zibila hasi zenean bereizi egin zen Estatu Batuetatik eta 1869. urtean berriro lotu zen.