tenplu
iz. Erlijio elizkizunetarako edo jainko bati gurtza egiteko eraikin publikoa; eliza. v Tenpluak, hobekien gorde diren eraikinak direla eta, kultura bakoitzaren eta bereziki beren arkitekturaren erakusgarritzat hartu dira. Lehenengo tenplu aipagarriak kaldear-asirriarren ziguratak dira, dorre formakoak, argizagiei eskainiak eta astronomia behatoki gisa ere erabiltzen zituztenak. Egipton K.a. 2000. urte inguruan eraiki zirenak, Karnakekoa eta Luxorrekoa adibidez, oso aberatsak dira, igarobide eta areto ugariz osatuak. Greziako tenpluak doriar, joniar eta korintiar ordenatan eraikiak dira; zutabeak eta haien gaineko frontoiak dituzte ezaugarri nagusiak; azpimarratzekoa da, besteak beste, Partenona. Erromatarren tenpluak greziar ordenetan oinarritu ziren, oro har, baina beren ekarpen nagusiak ganga eta kupula izan ziren. Aipatzekoak dira Erromako Panteoia eta Vestaren tenplua. Bizantziarrek erromatarren ezaugarriak eta ekialdekoak nahastu zituzten beren elizetan; arintasuna, apaindura geometriko polikromatuak eta mosaikoak dira haien ezaugarri nagusiak. Arabiarrek mezkitak eraiki zituzten, barnealdetik arkuteria aberatsez ornituak. Ekialdean hainbat ezaugarritako tenpluak eraiki dira, erlijioen arabera, baina ezagunenak budistenak dira, pagodak, Txinan, Japonian eta Indian eraikiak batez ere. Bestalde, Amerikan garrantzi handikoak dira Colonen konkistaz aurretik inkek eta maiek egindako tenpluak, piramide formako mendixkak, tontorrean apaizentzat areto txiki bat zutenak.