Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

tenperatura

iz. Eguratsaren hotz edo bero maila; gorputzaren edo gauza baten berotasun maila; hozberoa.  v  Fis. Tenperaturak ez du neurtzen gai batek barruan duen beroa, molekulen batez besteko energia zinetikoa baizik. Tenperaturan, presioan edo dentsitatean bezala, ez du garrantzirik materiaren kantitateak, masan eta bolumenean gertatzen denaren kontra. Termometroak edo banakoetan (graduetan) zatitutako eskala duten tresnek neurtzen dute tenperatura. Mailaketa hori egiteko bi punturen arteko tartea hartzen da, eta graduetan zatitzen da tarte hori. Graduaren neurria erabiltzen den tenperatura eskalaren araberakoa da. Tenperatura erreferentzia ohikoenak izotzaren urtze puntua eta uraren irakite puntua dira. Farenheit (°F) tenperatura eskala Britainia Handian, Estatu Batuetan eta ingelesa erabiltzen den beste zenbait herrialdetan hartu da; Celsius (°C) tenperatura eskala sistema metrikoa aukeratu duten herrialdeetan eta, oro har, zientzietan erabiltzen da. Bada gainera zientzietan batzuetan erabiltzen den beste eskala bat: tenperatuta absolutuko eskala (Kelvin-ena), tenperatura neurtzeko energia zinetikoa neurtzen duena. Eskala horretan zero graduak batez besteko energia zinetikoa zero duen puntua adierazten du. Kelvin eskalako graduek Celsius eskalako neurri bera dute. Erreferentzia gisa uraren izozte eta irakite puntuak hartzen badira, horiek dira eskala bakoitzak bi puntu horiei ematen dien tenperatura: eskala zentigradoa edo Celsius-a (0 °C - 100 °C), Fahrenheit eskala (32 °F - 212 °F), Reaumur eskala (0 °R - 80 °R), eta eskala absolutua edo Kelvin-a (273 °K - 373 °K).