Tenpluko ordena
(Jatorrizko izena Kristoren eta Salomonen Tenpluko Zaldun Pobreen ordena). 1119. urtean, Gurutzaden garaian, Lur Santuko erromesak babesteko sortu zen erlijio ordena militarra. Hugues de Payens frantses zaldunak sortu zuen lehen taldea, eta Balduino II.a Jerusalemgo erregeak eman zizkion ahalak, ondasunak eta lurrak. San Bernardo Clairveaux-koak idatzi zituen ordenako arauak. Lau sailetan banatu ziren tenplarioak: zaldunak, sarjentoak, apaizak eta zerbitzariak. Zaldunek bakarrik zituzten nobleei zegozkien pribilejio batzuk. Maisu nagusia zen tenplarioen buruzagi nagusia, eta tokian tokiko buruzagi bana zuten. Pobretasun eta kastitate botoak egiten zituzten guztiek. 1139. urtean, Inozentzio II.aren garaian, aita santuen agindu zuzenaren pean geratu ziren, eta handik aurrera ondasun handiak jaso zituen ordenak Europako mendenbaleko erregeengandik. 1191. urtean Zipreko uhartea erosi zioten tenplarioek Rikardo Lehoi-Bihotzi, baina hango jendeak ez zituen onartu eta alde egin behar izan zuten ondorengo urteetan. Gupida gabe borrokatu ziren tenplarioak musulmanen aurka, baina 1291. urtean Palestinako lurra utzi behar izan zuten, Akre-ko hiria galdu ondoren. Europan barrena zabaldu ziren orduan, eta berehala hasi ziren ordenaren aurkako kanpainak, pribilejio eta ondasun handiak zituztelako. 1304an zurrumurruak zabaldu ziren Europa osoan zehar tenplarioek ezkutuko errituak eta kristautasunaren aurkako jokabideak zituztela, gezurrezko zurrumurruak segur aski; 1307an Henrike IV.a Frantziako erregeak haien aurkako esetsaldia hasi zuen. Preso hartutako tenplarioek ekintza sinesgaitzak aitortu zituzten (Baphomet izeneko jainko bat gurtzen zutela, sakrilegioak, hilketak, sodomia,…) eta 1310. urtean hiltzera kondenatu zituzten. 1312an Klemente V.a Aita Santuak biderik gabe utzi zuen ordena eta haren ekintza guztiak debekatu zituen, 1314an hil zuten Jacques de Molay maisu nagusia eta azkenik hospitalarioen ordenaren esku utzi zituzten tenplarioen ondasun guztiak. Filipe IV.ak ere irabazi handiak lortu zituen, tenplarioen aurkako kanpainetan eginiko gastuen ordainez.
- tenperamentu
- tenperatura
- tenplario
- tenple
- tenplu
- Tenpluko ordena
- tenpre
- tenrek
- tenrezido
- Tensift
- tentabide