Tebas
(Gr. Thibai). Greziako hiria (Beozia), Atenasko hiriaren ipar-mendebalean, muino baten gainean. 16.000 biztanle. Merkataritza eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. 1853. eta 1893. urteko lurrikaren ondorioz, hiria berriro eraiki behar izan zuten. v Historia. Grezia klasikoko hiri garrantzitsuenetakoa izan zen. Tradizioaren arabera Europaren anaia Kadmosek sortu zuen eta Kadmea izena eman zion hiriari. Brontze Arorako eraikia zen eta K.a. 1450-1400 urteetan merkataritza eta kultura harremanak izan zituen Kretarekin. Argos-eko hiriarekin lehian egon zen eta Troiako gerra baino lehenago, K.a. 1200. urtean edo, suntsitu egin zuten. K.a. V. mendean Beoziako hiri nagusi bihurtu zen eta garai hartan Atenasko hiriaren aurka altxatu zen, horretarako pertsiarrekin eta espartarrekin hitzarturik. K.a. 479. urtean atenastarrek tebastarrak garaitu zituzten Platean baina bi urte geroago tebastarrak izan ziren garaile Koronean. Peloponesoko gerra amaitu zenean (K.a. 404) espartarren aurkako borroka hasi zuten baina K.a. 386. urtean Beoziako Ligari gerra irabazi zioten haiek eta lau urte geroago Kadmeako hiria hartu zuten. K.a. 379. urtean Pelopidas eta Epaminondas tebastar jeneralek Kadmea hartu zuten espartarren aurkako matxinada antolatu zuten. K.a. 371n Epaminondasek espartarrak garaitu zituen Leuktran eta hamar urtez Greziako estatu nagusia izan zen Tebas. Epaminondasek Peloponeso konkistatu zuen baina K.a. 362. urtean hark Mantineako guduan bizia galdu ondoren, hiriak ordu arteko nagusitasuna galdu zuen. Greziako hirien gainbeherak mazedoniarren konkista erraztu zuen eta K.a. 338. urtean galdu egin zuten haien aurkako gerra, Keroneako hirian. K.a. 336. urtean, berriz, Alexandro Handiak mazedoniarren aurkako beste matxinada bat zapuztu zuen eta ia erabat suntsitu zuen Tebasko hiria. K.a. 316. urtean Kasandrok berriro eraiki zuen eta K.a. 197an erromatarrek konkistatu zuten. Erdi Aroan inbasio asko izan ziren eta, 1435-1829 bitartean turkiarren mende egon ondoren, lurrikara izugarri batek berriro ere suntsitu zuen (XIX. m.). Hondakinen artean aipagarriak dira harresiak, Kadmosen jauregia eta Apoloren tenplua.