Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Taylor, Joseph H

Estatubatuar fisikaria (Filadelfia, Pennsylvania, 1941). Kuakero familia batean hazi eta hezia. Familiak New Jerseyn zuen baserri batera joan ziren bizitzera berak zazpi urte zituela. Eskola urteetan izadiarekin eta zientziekin zerikusia zuen gauza orori buruzko jakin-nahia piztu zitzaion. Irrati, telebista eta bestelako tresna elektroniko hondatuekin jolasean eta esperimentuak egiten ibili zen anaiarekin batera. Kuakeroen beste erakunde batzuetan sakondu zituen ikasketak, Moreston Schoolen eta Haverford Collegen, besteak beste. Matematika, fisika eta kimika landu zituen bereziki, zientzia zer eta zertarako zen aurkitzen hasi zenarekin batera. Bere graduazio proiekturako irratielektronikako ezagutza praktikoak ikerkuntza zientifikoarekin elkartzea pentsatu zuen eta irratiteleskopio bat eraiki zuen, eskolan erabilitako liburu zahar baten eta irratiastronomiari buruzko beste baten laguntzarekin. Gero, Harvarden sartu zen, astronomia, fisika eta matematika aplikatuen sailean, eta bere bizitzako lanik gogorrenetako bat egin zuen: irratiastronomiari buruzko ikerkuntza tesia, aurrerago pultsarrez egin zituen ikerketetarako oso baliagarria. Azkeneko urteotan Massachusettseko eta Princetongo unibertsitateetan aritu da lanean, goi mailako beste zientzialari batzuekin batera. Hain zuzen ere, horietako batekin batera, Allan Hulserekin batera irabazi zuen 1993ko Nobel saria pultsarrei buruz egindako ikerkuntzengatik.