taliban
Afganiar higikunde integrista islamiarra, 1994. urtean sortua, Mohammed Omar Akhund mulah-ren ekimenez, Kandahar-eko hirian, Afganistango hegoaldean. 1996an ia herrialde osoa mendean hartu zuen. Taliban hitzak "ikasle" esan nahi badu ere, bere ustezko jatorria gogorazi nahiz bezala, kide gehienek gerra besterik ez dute ezagutu, eta haien ikasle garaia erlijio prestakuntza oinarrizkora mugatzen da. ■ Talibanen sorrera. Talibanen higikundea Afagnistanen eta Sobietar Batasunaren arteko gerrak (1979-1988) eta geroztikako barne gatazkek eragin zuten kaosaren eta egonkortasunik ezaren erdian sortu zen. 1980ko hamarraldian Afganistan Sobietar Batasuneko gudarostearen eta sobietarrek babestutako erregimen baten gobernuaren azpian gelditu zen. Muyaidin gerrillako taldeak izan ziren, Estatu Batuetako laguntza militarrarekin, sobietarren etsai nagusiak gerra urte luze haietan. Pakistanek ere laguntza handia, babesa eta prestakuntza militarra eskaini zien gobernuaren aurka zeuden afganiarrei. 1989an, sobietar gudarosteek Afganistanetik alde egin zutenean, gerra zibila hasi zen muyaidin-en eta gobernu zentralaren artean. Herrialdeko etnia talde nagusiak, pashto-ek, eduki zituen gobernuko postu nagusiak denbora luzean. Hala ere, sobietarrek herrialdetik alde egin ondoren, koalizio gobernu bat eratu zen, tadjik, uzbeko, hazar eta beste etnia txikiago batzuekin ere. Talibanak, muyaidinen azpitalde gisa sortuak, Kabuleko gobernu zentralaren kontrola berreskuratzen ahalegindu ziren pashto etniako kideak ziren gehienak. Mugaldeko poliziak –Pakistaneko talde paramilitarra, pashto asko dituena– entrenatu zituen eta armaz hornitu. Talibanek ematen zuten irudia bakerako eta batasunerako indar berri batena zen, eta afganiar askok, pashtoek berek batez ere, beren babesa eman zieten, gerra urte haiek betiko bukatuko zirelakoan. ■ Talibanen integrismoa. 1994ko bukaeran eta 1995eko hasieran, talibanek, Afganistango hegoaldean eta mendebaldean aurrera eginez, mendean hartu zuten Kandahar hiria. Herat eta herrialdeko hegoaldeko eta mendebaldeko bide nagusien ondoko hiri gehienak ere haien mendean gelditu ziren. 1995eko otsailean Kabuleko inguruetara iritsi ziren, baina gobernuko indarrek atzera egitera behartu zituzten martxoan. Urrian berriro inguratu ziren hirira. Hiria bonbardatzen zuten bitartean, Afganistango ekialdea eta erdialdea menderatu zuten. Setio luze baten ondoren, Afganistango hiriburua talibanen eskuetan gelditu zen 1996ko irailean. Handik gutxira, Muhammad Najibulla –sobietar erregimenak babestutako azken lehendakaria– eta haren anaia –Shahpur Ahmadzai, segurtasun burua–, 1992az geroztik Nazio Batuen Erakundeko egoitzan babesturik egon zirenak, atxilotu eta jendaurrean urkatu zituzten. Kabuleko kontrola lortu ondoren, talibanek Zuzena Arautzeko eta Zuzengabea Debekatzeko Ministerioa sortu zuten, integrismoaren jokabide arauak indarrean jartzeko asmoz. Hala ere, badirudi arau horietako batzuek ez dutela zerikusirik benetako islamarekin, eta bertako leinuen antzinako sinesmenen eragina dutela. Buruzagi talibanek musika debekatu zuten, zinema areto guztiak itxi, filmak erre, eta hoteletatik hartutako edari alkoholdunak desegin zituzten, besteak beste. Gizonezkoei bizarra kentzea debekatu zitzaien (islamaren sinesmen ortodoxoen arabera) eta meskitetara errezatzera joateko beharra agindu zen. Emakumeek belo luze batzuekin (burka) estali behar izan zuten beren burua, burutik oinetara. Emakumeei eskola joatea eta etxetik kanpo lan egitea debekatu zitzaien. Hori dela eta, erietxeetan ia langilerik gabe gelditu ziren eta umezurztegiak bertan behera gelditu ziren. Gerran milaka gizon galdu dituen herrialde batean, alargunei ere, familia askotan diru sarreraren bat zuen kide bakarra izanik ere, lan egitea debekatu zitzaien. Talibanek beren arauak eta legeak ezartzen jarraitu dute Kabul Irratiaren eta bozgorailuez honrituriko kamioien bidez. Hilketa, adulterioa eta droga trafikoa heriotzarekin zigortu dituzte, eta emakumeak harrikatu dituzte, hiltzeraino zenbaitetan, ahaidetasunik ez zuten gizonezkoekin ibiltzeagatik kalean. Lege horiek giza eskubideen aldeko taldeak asaldatu dituzte eta mundu zabaleko herrialde askoren arbuioa eragin dute. Iranek berak ere, islamiar integrismoaren gotorlekuetako bat izanik ere, talibanek erlijioaren izenean eginiko gehiegikeriak salatu dituzte.