talka
iz. Kopet adardunez jotako ukaldia. Ahari, zezen talka. Burua makurtuki elkarri heltzen diote talka hots handiarekin. Ahari talka: ahari jokoa. || Fis. Gorpuzki, atomo eta, oro har, higitzen ari diren gauzakien arteko elkarjotzea, beren lastertasuna aldarazten diena. Talka bat gertatzean gorpuzkien mugimendu zenbatekoa eta energia osoa ez dira aldatzen. Gorpuzkiaren energia zinetikoa aldatzen ez bada, talka elastikoa izan dela esaten da. Aldatzen bada, talka ez da elastikoa, eta galdutako energia bero, ioitze energia, kitzikapen energia, etab. bihurtzen da. v Talka froga. Teknol. Gaien hauskortasuna neurtzeko egiten den froga. Gai baten aztergai edo erakusgarri bat kolpe batez hausteko egin behar den lana neurtzen da. Froga mota desberdinak daude; Charpy entseiua da ezagunena. Hausturaren nolakotasuna ere azter daiteke froga horren bidez. v Talka uhin. Fis. Higitzen ari den edozein gorputzek bere inguruan sortzen duen soinu uhin mota berezia; gorputzaren lastertasuna soinuaren hedadura lastertasunaren berdina edo handiagoa denean sortzen da. Higitzen ari den gorputza ukitzen duen aireak bat bateko presio eta tenperatura aldaketa izaten du eta talka uhina eratzen; uhin horrek kono baten itxura du, erpinean beti higitzen ari den gorputza kokatzen delarik. Zenbat eta handiagoa izan gorputzaren lastertasuna orduan eta txikiagoa da erpinaren angelua.