Taine, Hyppolyte-Adolphe
Frantses pentsalaria, literatura kritikaria eta historialaria (Vouziers, Ardenak, 1828 - Paris, 1893). Frantziako XIX. mendeko eskola positibistako pentsalari garrantzitsuenetakoa izan zen. Literatura eta filosofia ikasi zituen Parisen. Platon-en eta La Fontaine-ren obra batzuei buruzko kritika lanak aurkeztu zituen 1852-1853 urteetan; Tito Livio erromatar historialariari buruz egin zuen doktore tesia. 1855ean Voyage aux eaux des Pyrénées (Bidaia Pirinioetako uretara) bidaia-liburua argitaratu zuen, eta hurrengo urteetan idatzi zuen bere lehen filosofia liburua: Les Philosophes français du XIXe siècle (1857, XIX. mendeko frantses filosofoak). Positibismoaren aldeko ideiak azaldu zituen obra hartan. 1858an Essais de critique et d’histoire (Kritika eta historia saiakerak) lanaren lehen liburukia aurkeztu zuen eta hurrengo urteetan Histoire de la littérature anglaise (1863-1864, Ingeles literaturaren historia) lan handia idatzi zuen. Lan horretan aurkeztu zituen Tainek arteari buruz zituen ideia nagusiak. Haren ustez, gizonaren egitekoak dira artea eta literatura, gizona goi mailako animalia den aldetik, eta maisu gaitasunak («faculté maitresse») gidatzen ditu artista eta idazle handiak. Alabaina, norberaren arraza eta bizi dituen giroa (geografia eta gizarte giroa) eta unea (historia bilakaera) guztiz faktore garrantzitsuak dira gaitasun hura gauzatzerakoan. Molde bereko argudioak erabili zituen historiako gertakariak azaltzerakoan, eta kritika zorrotzak jaso zituen ideia haien determinismo itxia zela eta. 1864an Parisko Arte Ederretako Eskolako zuzendari izendatu zuen Napoleon III.ak eta artearen filosofiari buruzko lanak idatzi zituen hurrengo urteetan. 1870ean, psikologia tratatu bat idatzi zuen, De l’intelligence (Adimenari buruz). Condillac eta Alexander Bain-ek zabalduriko ideien alde zegoela erakutsi zuen obra hartan. 1870eko gerraren eta Komunaren ondoren, Les Origines de la France contemporaine idatzi zuen (1876-1896, Egungo Frantziaren jatorria) eta Philosophie de l’art (1882, Artearen filosofia) liburura bildu zituen arteari buruzko lan aipagarrienak.