Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tahiti

Polinesia Frantseseko uhartea, Societé-ko uhartediko handiena, Ozeano Barearen hego-erdialdean. 1.042 km2 eta 115.000 biztanle. Hiriburua, Papeete. v Orografia. Sumendi jatorriko bi penintsulek osatua da: Tahiti Nui eta Tahiti Iti edo Taiarapu penintsulak, biak Taravao istmoak lotuta. Lurralde menditsua da: Orohena (2.322 m) eta Roniu (1.323 m) sumendiak. Koralezko itsas-hautsiek inguratzen dute uhartea. v Ekonomia. Laborantza (kokondoak, azukre kanabera, bainila eta kafea), arrantza eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. 1767. urtean iritsi zen lehen europarra Samuel Wallis ingeles kapitaina. Ondoren heldu ziren Louis-Antoine de Bouganville frantsesa (uhartea Frantziaren mende jarri nahi izan zuena), James Cook (1769) eta William Bligh (1788) ingeles itsasgizonak. 1797. urtean Londresko Misiolari Elkarteko kideak antolatu zuten lehen europar bizilekua. 1842. urtean Frantziaren babespeko lurralde zen eta 1880. urtean kolonia bihurtu zen.