Taha Hussein
Egiptoar idazlea (Maghaghah, 1889 - Kairo, 1973). XX. mendeko Egiptoko idazle nagusietako bat izan da. Eleberriak, ipuinak, kritika lanak eta gizarte eta politika saioak idatzi zituen, arabieraz beti. Itsutu zen bi urte zituela, eta 1902an ikastetxe musulman ortodoxo batera bidali zuten ikasketak egitera. 1908-1914 bitartean Kairoko unibertsitatean ikasi zuen eta Parisko Sorbonan osatu zituen mendebaleko literaturari buruzko ikasketak. Kairora itzuli ondoren, arabiar literatura erakutsi zuen bertako unibertsitatean eta kritika molde berriak erabili zituen arabiar literatura aztertzeko. Kritika zorrotzak jaso zituen buruzagi musulmanengandik Fi sh-Shi’ al-Jahili (1926, Islam-en aurreko poesiaz) obra argitaratu ondoren, eta geroago Europako kultura aldera hurbiltzearen aldeko izan zen Mustaqbal al-thaqafah fi Misr (1938, Egiptoko kultura eta etorkizuna) liburuan. Hezkuntza ministro izan zen Egiptoko monarkiaren azken gobernuan (1950-1952). Ospe handia izan zuen haren autobiografiak, al-Ayyan (1929-1932, Urteak).