Szymborska, Wislawa
Poloniar idazlea (Poznan, 1923). Poloniako XX. mendeko poesia idazle originaletako bat. Poznan probintziako herri txiki batean jaio zen, baina familiarekin Krakoviara joan zen bizitzera 1931n. 1945ean argitaratu zuen bere lehen liburua (Hitzaren bila nabil), baina 1952. urtea arte, alegia Horregatik bizi gara poema bilduma argitaratu zuen arte, ez zuen kritikaren eta irakurleen arreta bereganatu. Handik bi urtera beste bilduma bat argitaratu zuen, Nork bere buruari egindako galderak (1954). Bi liburuok garai hartako errealismo sozialistaren ildo historizistaren arabera daude idatzita, berak hainbeste miresten zuen errusiar poeta Vladimir Maiakovskiren eraginpean, batetik, eta nazien okupazioaren eta sarraskien arbuioaren eraginpean, bestetik. 1956. urtetik aurrera, Sobietar Batasunaren mendeko beste herrialde batzuetan bezala, abertzaletasuna piztu zen Polonian, eta intelektual asko lotu zitzaizkion higikunde hari, Stalinen aroa kondenatzeko eta gainditzeko bide baten bila. Szymborskak espirituaren oreka ekarriko zion hausnarketa pertsonala eta intimista egin zuen gero, eta ildo horretatik idatzi zuen Deiadarra yetiri (1957), bere dogmatismoaren kontu garbitze bat bezala. Beste zenbait lan aipagarri: Gatza (1962); Ehun kontsolamendu (1967); Jendea zubian (1986); Bukaera eta hasiera (1993). 1996an Literaturako Nobel saria jaso zuen.