Sturm, Charles François
Frantses matematikaria (Geneva, 1803 - Paris, 1855). Ekuazioaren teoriaren gainean asmakizun ugari egin zituen; ezaguna da haren izena duen teoremagatik. Broglietarren tutorea izan zen Parisen 1823-24. urteetan, eta frantses matematikari eta zientzia gizon ugarirekin topo egin zuen han. 1826. urtean urpean hotsak duen lastertasunaren lehendabiziko neurketa zehatza egin zuen. Strum-en teorema aurrenik 1829. urtean argitaratu zen Mémoire sur la résolution des équations numériques (Zenbaki ekuazioen gidaliburua) obran atera zen; René Descartesen garaitik ebazpiderik izan ez zuen arazo bati irtenbidea eman zion, ekuazio aljebraiko batek aldagaiaren hein jakin batentzat dituen erroak kalkulatzeko metodoa asmatu baitzuen. 1834. urtean ekuazio diferentzialez egin zuen ikerketa argitaratu zuen, Frantzian arrakasta handia eman ziona. 1836an Akademiako kide hautatu zuten eta Parisko Eskola Politeknikoan matematika irakasle hautatu zuten. 1840. urtean Siméon Denis Poisson-en ordezko hautatu zuten Parisko zientzietako fakultatean. Hasieran analista izan bazen ere, gerora lan garrantzitsuak egin zituen geometria proiektiboari buruz, eta baita geometria diferentzialari buruz ere. Haren obren artean aipagarriak dira, besteak beste, hil ondoren argitaratu ziren Cours d’analyse de l’École Polytechnique eta Cours de méchanique de l’École Polytechnique.
- stuka
- stupa
- Sturges, John
- Sturges, Preston
- Sturm und Drang
- Sturm, Charles François
- Sturzo, Luigi
- Stuttgart
- Stuyvesant, Peter
- Styron, William
- Su Ta Gar