Su Ta Gar
Gipuzkoar musika taldea, 1987. urtean Eibarren sortua. Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Xabier Bastida eta Borxa Arrillagak osatua. 1988ko abuztuan eskaini zuten lehen kontzertua jendaurrean. 1989an bi maketa grabatu zituzten euren kabuz, 1999an Su Ta Gar 1987-89 edizio berezian bilduak. 1990ean, Estigia taldearekin batera, Villa de Bilbao lehiaketan, lehenengo saria irabazi zuten. Urtebete geroago kaleratu zuten lehenengo lan luzea, Jaiotze Basatia izenekoa. Gainerako lanak Hortzak Estuturik (1992), Monstruo hilak (1993), Sentimenak jarraituz (1996), Agur Jauna Gizon Txuriari (1997) eta Homo Sapiens? (1999) dira. Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo emanaldi ugari eskaini dituzte, eta zuzeneko kontzertu horiek jasotzen dituzten bideoak ere argitaratu dituzte, Su Ta Gar zuzenean (1993) eta Homo Sapiens Tour´OO (2000), esaterako. 2001. urtean Su Ta Gar Jo Ta Ke disko bikoitza aurkeztu zuten, 23 abestiz eta PCrako egokitutako bi abestiren bideo klipez osatua. Euskal heavyaren aitzindaritzat hartu ohi da Euskal Herritik kanpo Su Ta Gar, eta euskal talderik ezagunenetakoa da.