Stone, John Richard Nicholas
Ingeles ekonomista (Londres, 1913). Ikasketak amaituta, broker gisa lan egin zuen Lloyd konpainiarentzat, 1936tik 1939ra. 1940-1945 bitartean Gerra ministroari lagundu zion ekonomista gisa. Orduan ondu zuen kontabilitate nazionalen sistemei buruzko bere teoria. Gerra amaitzean, unibertsitatera itzuli zen, Cambridgeko Unibertsitateko ekonomia aplikatuko sailaren zuzendari gisa, 1945etik 1955era. Gero, finantza eta kontabilitate irakasle izan zen, unibertsitate horretan bertan, 1955etik 1980ra. Ekonomiako Errege Akademiako lehendakari izan zen 1978-1980 bitartean. 1984ko urrian, Ekonomia Zientzietako Nobel Saria eman zion Suediako Errege Akademiak, kontabilitate sistema nazionalei buruz egindako lanengatik, azterketa ekonomiko enpirikoaren oinarriak errotik hobetzen laguntzen dutelako. Britainia Handira Bigarren Mundu Gerran zabaldu zen teknika hori, John Maynard Keynes ekonomia irakasle handiaren eraginpean. Gerra bukatu zenean, Nazio Batuen zuzendaritzapean, nazioarteko aditu talde baten buru izendatu zuten, kontabilitate nazionalen ereduak prestatzeko eta beste herrialde batzuetan aplikatzeko. Lanik aipagarrienak: The role of Measurement in Economics (1951, Neurketaren papera ekonomian); Social Accounting and Economic Models (1966, Kontabilitate soziala eta eredu ekonomikoak); Mathematical Models of the Economy and other essays (1970, Ekonomiaren eredu matematikoak eta beste zenbait saiakera); Aspects of Economic and Social Modelling (1980, Ekonomia eta gizarte ereduak).
- Stoetzel, Jean
- Stoke on Trent
- Stokes, George Gabriel
- stokes
- Stokowski, Leopold
- Stone, John Richard Nicholas
- Stone, Oliver
- Stonehenge
- Stoney, George
- stop
- Stoppard, Tom