Stoppard, Tom
Britainiar antzerkigile eta gidoi idazlea (Zlin, Txekoslovakia ohia, 1937). Indiara eta, 1946an, Ingalaterrara joan zen bizitzera. Notthingham eta Yorkshireko unibertsitateetan ikasi ondoren, Bristolera itzuli zen eta kazetari gisa lan egin zuen. Rosencrantz eta Guildsentern hil dira (1967) obrarekin egin zuen debuta; obra hark izugarrizko arrakasta izan zuen, Londresen lehenbizi, eta New Yorken gero. Absurduaren antzezlana da; Hamlet-eko pertsonaiak deskribatzen ditu, Shakespeareren obrako gertakizun nagusiez diharduten ikusleak balira bezala, paper hori jokatzea beste aukerarik ez balute bezala. Hurrengo obran –Hound inspektore benetakoa (1968), arrakasta handikoa hori ere–, antzerki kritikariak obra baten ekintzan sartzen dira, antzerkiaren izatasunarekin jokatu eta aldi berean errealitatea zalantzan jartzen duten historiak tartekatuz. Aurrekoaren antzera, Benetakoa (1982) obran, ezkontzako desleialtasuna aztertu zuen, baina antzerkigilearen beraren harremanak islatzen dituen antzerki obra bateko agerraldiak direla jakiten da azkenean. Beste zenbait lan aipagarri: Magritteren ondoren (1970); Akrobatak (1972); Mutil on orok arreta merezi du (1977); Arkadia (1993); Indiar tinta (1995).