Stokowski, Leopold
Estatu Batuetako orkestra zuzendaria, Ingalaterran jaioa (Londres, 1882 - Nether Wallop, 1977). Londresko Royal College of Music ikastetxean eta Oxford-en egin zituen musika ikasketak. 1912-1941. urteetan Filadelfiako orkestra sinfonikoaren zuzendari izan zen; 1941-1944. urteetan NBC orkestra sinfonikoarena; 1944-1945. urteetan, berriz, Toscaninirekin batera, New Yorkeko orkestra sinfonikoarena, eta 1949-1950. urteetan, Mitropoulosekin, hiri bereko orkestra filarmonikoarena. 1962. urtetik aurrera New Yorkeko American Symphony Orchestra-ren zuzendaria izan zen. Musika berriaren aldeko izan zen, eta obra berri asko estreinatu zituen New Yorken, besteak beste, A. Berg-en Wozzeck. Bach-en lanen moldaketa ugari egin zituen eta Music For All of Us (1943, Musika guztiontzat) liburua argitaratu zuen.