Stokes, George Gabriel
Irlandar matematikaria eta fisikaria (Bornat Skreen, 1819 - Cambridge, 1903). Cambridgeko unibertsitatean matematika irakasle izan zen 1849an. Jariakari likatsuen jokaeraz azterketak egin zituen, eta gai likatsuen legea adierazi zuen. Matematikan, bektoreen analisian oinarritutako teorema bat ezarri zuen. 1842-1843. urteetan konprimatu ezinezko jariakarien mugimendu egonkorraz egin zituen azterketak, mugitzen ari diren jariakarien igurzketaz, eta solido elastikoen orekaz eta mugimenduaz. Fluoreszentzia ikertu zuen (hitz hori berak asmatua da), argi ultramorea erabiliz, eta kuartzoa, argi ultramorearen eraginpean, gardena zela frogatu zuen. Eterraz ere azterketak egin zituen, eta argizariaren antzekoa zela esan zuen, baina aldi berean indar egonkor motel batek jariakor bihur zezakeela. Geodesia (Lurraren neurriaren eta formaren, eta grabitate eremuaren azterketa) zientziaren aitzindari izan zen. Londresko Royal Society-ko kidea, idazkaria eta lehendakaria izan zen 1851. urtetik aurrera. v Stokes-en fluoreszentziari buruzko legea. l0 uhin luzera duen argiaren eraginpean gai batek fluoreszentzia bidez igortzen dituen irraden uhin luzera l0 baino txikiagoa da. Energiaren kontserbazio printzipioaren ondorio bat da. Lege horrek salbuespenen bat izan dezake baldintza berezietan, fluoreszentzia jasaten duen gaiak argi bidez jasotakoaz gain berak ere energia igortzen duenean; gertaera horren adibide bat Raman efektua da. v Stokes-en hidrodinamikako legea. Isurkari likatsu batean gorputz partikula bat zein lastertasunez erortzen den jakiteko erabiltzen den legea. Gorpuzkiaren erradioak eta trinkotasunak bizkortu egiten dute erortze lastertasuna, eta isurkariaren likatasunak eta trinkotasunak, aldiz, moteldu. Lege hori erortze lastertasuna txikia denean erabiltzen da bakarrik.