Stoetzel, Jean
Frantses psikologo eta soziologoa (Saint-Dié, 1910). Herri iritziaren azterketa egiteko lehen teknikak sartu zituen Frantzian. Ikasketak bukatuta, gizarte zientzietako irakasle izan zen Bordeleko Unibertsitatean, 1945-1955 bitartean. Azkeneko urte horretan Parisko Sorbonara joan zen eta Frantziako gizarte psikologiako lehen katedra sortu zuen. Herri Iritziaren Frantziako Institutuaren eta Sondages eta Revue Française de Sociologie aldizkarien sortzailea izan zen. Inkesta sistema hobetu zuen, iritzi azterketaren metodoaren bidez. Stoetzelen ustez, matematikaren erabilera zientziaren adar batean ezkutukoaren ordez agerikoa jartzea bezala zen, nahasmenduaren lekuan argia egitea azterketaren bidez. Hala, zientziaren orientabidea eman zien iritziari eta jarrerei buruzko ikerkuntzei. Gizarte psikologiaren alorrean, bost arazo nagusi nabarmendu zituen: gizabanakoaren eta bere kulturaren arteko harremanak, gizarte baldintzen eragina gizabanakoaren psikologian, nortasuna eta estatus soziala, pertsonen arteko harremanak, eta taldeen arteko harremanen psikologia. Bere ekarpen nagusia pertsonari eta taldeari buruzko ideiak aberastea izan zen, beste kultura eta gizarte batzuetako kontzeptuen bidez. Lanik aipagarrienak: Iritziei buruzko azterketa esperimentala (1943); Herri iritziaren azterketa (1948); Psikologia soziala (1963).