Stella, Frank
Estatubatuar pintorea (Malden, Massachusetts, 1936). Eragin handikoa minimalismoaren bilakaeran. Princeton Unibertsitateko ikasle zelarik hasi zen margotzen. Bere lehenbiziko lanetan Piet Mondrianen lauki geometrikoen eragina nabari da, eta espresionismo abstraktuaren arte estilo aske eta trinkoa. Geroztikako lanek, 1958an hasiak, espresionismoaren subjektibotasuna baztertu zuten, eta pintura zerbaiten irudikapentzat baino gehiago objektutzat, gainalde margotutzat tratatzen zuen objektibotasun inpertsonal baten mesedetan. Gisa horretako lehen lanak pintura beltzak edo marradunak izan ziren: mihise huts batean marraztutako marra paralelo beltzak. Estilo horrek minimalismorako bidea zabaldu zuen. Geroago, 1960ko hamarraldian, kolore distiratsuak eta forma arraroko mihiseak baliatu zituen. Zenbait pintura sail egin zuen, eta bakoitzean gai jakin bat aztertu zuen: sakontasun ilusioa sortzen duten kolore distiratsuko marra edo zerrenda sailak (1962); L eta T formako, sigi-saga bikoitzeko eta haize errotatxoen itxurako zerrendez osatutako mihise trapezoidalak (1960-1963); zirkulu geometriko eta erdizirkulu erraldoiez osatutako sail “garraiatzaileak” (1967-1968). 1970eko hamarraldiaren bukaeran estilo berri bat sortu zuen, espresionismoa eta margotutako gainaldearen elaborazio tridimensionalak elkartzen zituena.