Stallone, Sylvester
Estatubatuar zinema antzezle eta zuzendaria (1946). Bortxa eta indarkeria handiko filmetan heroi paperak jokatzeagatik da batez ere ezaguna. 1975. urtean egin zuen debuta zineman, hiru filmekin: Agur, panpina (1975, Dick Richards); Capone (1975, Steve Carver) eta 2000. urteko heriotzaren lasterketa (1975, Paul Bartel). 1975ean arrakasta handia lortu zuen Rocky filmarekin, John G. Avildsen-en zuzendaritzapean. Rocky-k –ospea eta bere burua aintzat hartzea lortzen duen boxeolari baten istorioa– film onenaren Oscar saria irabazi zuen 1976an. Stallonek berak idatzi eta zuzendu zituen film haren lau ondorengoak ere (1976-1990), eta berak jokatu zuen protagonistaren papera. Arrakasta handiko beste film sail bat egin zuen, gero, Vietnamgo gerrako gudari ohi baten papera jokatuz: Inguratua (1982, Ted Kotcheff), Rambo-Inguratua II (1985, G. Pan Cosmatos) eta Rambo III (1988, Peter Mc Donald). Beste zenbait film aipagarri: Infernuko sukaldea (1978, berak idatzia eta zuzendua); Gaueko zapelaitzak (1981, Bruce Malmuth); Tango eta Cash (1989, Andrei Kontxalovski), Geldi hor!, edo amak tiro egingo du (1992, Roger Spottiswoode).