Springsteen, Bruce
(“The Boss” deitua). Estatubatuar rock musikaria eta abeslaria (Freehold, New Jersey, 1949). Bere kasa ikasi zuen gitarra, pianoa eta harmonika jotzen. Gaztetan inguruko taberna eta klubetan jotzen hasi zen, eta 1972an kontratu bat izenpetu zuen Columbia Records-ekin. 1973an bere lehen diskoa argitaratu zuen, Greetings from Asbury Park (Goraintziak Asbury Parketik) eta 1974an bigarrena, The Wild, the Innocent and the E-Street Shuffle, zein baino zein arrakastatsuagoak. 1975ean Born to Run (Lasterka egiteko jaioa) argitaratu zuen, nerabe baten bizitzaren egun bati buruzko kantuekin, eta disko harekin munduko musika izar handienetako bat bihurtu zen. Born in the USA (1984, Estatu Batuetan sortua) diskoa Columbia Records-en historiako diskorik salduena izan zen (13 milioi ale), eta harekin Bruce Springsteen langile klasearen sinbolo bihurtu zen. 1986an Bruce Springsteen and the E-Street Band (Bruce Springsteen eta E-Street Band) diskoa grabatu zuen, eta 1987an Tunnel of Love (Maitasunaren tunela). Azkeneko disko horrekin Grammy sari bat irabazi zuen. 1992an beste bi disko grabatu zituen, Human Touch (1992, Giza ukitua) eta Lucky Town (1993, Zorioneko hiria). 1995ean ere beste bi disko kaleratu zituen: The Ghost of Tom Joad (Tom Joaden mamua) eta Greatest Hits (1985-1995) (Abesti onenak, 1985-1995); azkeneko hori ordu arteko kantu onenen bilduma zen baina lau abesti berri tartekatu zituen. Bi disko horiekin musika zerrendetako aurreneko postuetara iritsi zen mundu osoan. Lau Grammy sari irabazi zituen, eta Oscar bat, Strees of Philadalphia (Filadelfiako kaleak) kantuarekin (Jonatahn Demmeren filmaren musikako doinu nagusia).